XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egun batez, Ameriketatik igorritako eskutitz bat jaso zuten.

Aldizkari baten puska bat zekarren.

Mr. Jauriaztegi is dead irakurri zuten izenburuan eta ez zuten deus ere ulertu; jaun baten argazkia ere bazekarren.

Itzulikatu ziotenean ikasi zuten: Los Angeles-en hainbeste lan egin ondoren gizon ospetsu eta inportanta bat hila zela, Jauriaztegi!

Aho bete ezur gelditu ziren.

Nola zitakeen? Beraz, oraindik ere bizirik egon zen denbora luzean? Ospe haundiko gizona? Eta nork bidali ote zuen eskutitz hura? Ezin sinetsi zuten.

Zoko batean, Maddalen emazte fidela negarrez zegoen.

Handik egun batzutara Embajadako ordezkari bat etorri zitzaioten etxera.

Jauriaztegi deitu jaun baten ordenuak zioenez Los Angeles-eko ondasun batzuren jabe ziren eta haien mozkinak urtean bi aldiz helduko zitzaizkioten.

Dollarrak pillaka asi ziren irixten.

Nehoiz ere pentsa ez zezaketen gisan bizitzen asi ziren.

Domintxenea goiti behera konpondu eta apaindu zuten.

Alabek eta suiak asmentan Los Angeles-era joateko gogoa izan zuten; beren aita zenaren hil-obia, gauzak eta gainerakoen ikustera, berrien jakitera.

Bainan, zer gerta ere eta ama bizi zen artean behinik behin, zuhurrago iduritu zitzaioten ez joatea.

Eta horrela, ezin sinetsi duten gertaera hunen itzalean, gaur egun ere bizi dira alabak, suia, billobak eta Maddalen.

Urrutiaren misterioan suntsituriko Jauriaztegi ibiltariaren oroitzapenean; Los Angeles-en bizi eta hildako Domintxeneko seme asekaitz eta ixilaz oroitzen.